XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oso mundu txikian bizi ginela, eta zuk sen edo intuizioz bazenuela susmo sendorik erantzun zenidan.

Eta azalpen gehiago nola eman nenbilelarik, atzamarrez ezpainak lotu zenizkidan, ezer ez esateko aginduz, ez dakienak ez dezakeela ezer konta eta.

Gogoan dut beste batzuetan nola barneratzen ninduzun itsasoan txalupa koskor niretzat, intxaur azal txikitxo batean, atsegin bait zenuen nire izuikara zentzugabearen aurrean zure segurtasun babeslea agertzea.

Zuk galdua zenion beldurra itsasoari txiki-txikitatik; nik, berriz, gero eta begirune handiagoa.

Itsasaldi haietan ere frogatu zenuenez, ez dakit non eta norengandik ikasiak baina ongi zenekizkien zuk sedukzioaren mainak eta plazer klandestinoen bidezidor ezkutuak.

Ezagutu zintudanean artean zapaldu gabeko elur zuria, inor murgildu gabeko ur gardena zinela esaten zenidan txantxetan; inozentziazko jolasik baizik ez zenuela ezagutzen, malizia gabeko eskuetatik bakarrik zinela igaroa.

Eta norbaitek perbertitu baldin bazintuen, ni izan nintzela hori! Nik zintudala galbidean jarri!.

Eta ederki ordaindu beharko omen nuen ifernuko sugarretan.

- Oi, ez naute ni geroko ifernuek izutzen, orain honelako paradisuak dastatu ahal izanez gero hemen - erantzun ohi nizun halakoetan.

Zein gogoko nuen, zure atzean, osabaren motorrean elkarrekin ibiltzea, ziztu bizian, bide bazterretako zuhaitzekin batera iragan bizitzako oroitzapen mingotsak ere atzera uzten bagenitu bezala!.

Egun haiek askatasun osoz eta inolako eragozpenik gabe gozatu genituen biok: nik zure edertasun eta konpainiaz, zuk nire afektuaz, eta biok bizitzaz.